2008/01/24
ORREAGA BALADA OLAZTIKO EUSKARAZ
2008/01/11
NEURE BURUA MARROAN IKUSI ETA
I
Neure burua marroan ikusi
Eta alde egin dut gauerdian
Lur jota zigor gupidagabeaz
Larrazkena baitut malko ekarle
Batzuentzat urkagai naizelarik
Maitagarria naiz, guztiz maitea
Erasoen ondorio latzak jaso
Eta minez geratu direnentzat
Gogoetan zoli, oharkor zorrotz
Urratsak labur, begirada luze
Errekak zer ekarriko zain nago
Korrontera begira mila galde
Baina ezorduan aldendu behar
Eta ihardesteko da berandu
II
Gauak ematen ditut ekurugaitz
Logabe, begiak itxi ezinik
Zapaltzeko teknikak ez jakinki
Eta kezkaz nago, egonezinez
Ni, aldiz, aski ezagutzen naute
Nire sorbaldak dituzte atsegin
Hortaz nago, zigarro erre gabe,
Zanpatu gorrien korridorean
Goian zeruko argiaren ordez
Odolezko planeta dugu, Marte
Bidegabekeriaren jainkoa
Baina Justiziaren alde nago
Eta esperantzazko hitzak ditut
“Hauskor dirudi” edo “Hauts dezaket”
III
Ni, ordea, entzungor eta aske
Lanean nago, lurrari ekiten
Denak oihuka ari zaizkit orain
Baina segaz naute belar-epaile
Orain hazia ereiten ari naiz
Gero, izerdiz, uzta jasotzeko
Lurra idorra delako, mokorra
Pausoka ildoa handituz noa
Haiek bezala ni ere ebasle
Ohoin lapur neurekoi izan nintzen
Orain goldelari bilakatu naiz
Badakit lau or arian-arian
Hurbil nituela usna-usnaka
Erori ziren segaren segadan
IV
Lilitegien, urmahelen lagun
Parkeko arrabitajolearen
Harrizko irudia mintzatu zait
Ezin da haizea kaiolan hertsi
Mendi aldera begira nengoen
Eta aitak “Itsasoa” ziostan
Andre-arrainak ikusi nituen
Lau txorrotako iturri ondoan
Urteak joan eta itsasneskak
Ixildu ziren mutuak bezala
Erdeinuz erabiliak, etsiak
Gu ere ziztatuak izan ginen,
Destainaren arantzez ohituak
Ez gara ez ohartzen, ez lotsatzen
Iruñea, 2003ko larrazkena
2007/06/20
ANTIMUÑO DA ZEGAMAKO BASERRI BAT
Antimuño da Zegama’ko baserri bat. Ango anaie bi mendiin gora eizeako asmoon irtem ementzien.
Mendiin zebiltzela, iñusturiketan asi eta berealdiiko erauntsie gañeen zoela-ta, igeska ementzijootzen Saadar’ko gain-zelaiti aurrera. An txabola aundi bat ikusi ementzoen eta bertan sartu.
Laster artalde bat ere etorri ementzan eta zuzen barrura danak. Azkeneko baita artzaie-ree, begi-bakarreko gizon aundi bat: Torto.
Torto'k orduun atea itxi aguro arri aundi batekin.
Antimuño'kook ikusi zitunen, biitan zaarrenari "i, gaurko" esan ementzion eta besteari "i, biarko".
Laster zaarrenari burruntzie sartu ementzion soñeen eta sutan erre eta gero jan.
Ondoren zerraldo lurreen etzan eta lotan jarri ementzan. Olako aspook bezela ementzebillen, gora ta beera, aren bularra asnaska aundi bateen.
Orduun Antimuño gazteek burruntzie artu eta sutan gorittu eta Tortoori begiin sartu ementzion. Torto jeiki eta, bere burruntzie begiin zoola eta itxututa, an ementzebillen Antimuño gazteen billa; baiño alperrik: Antimuño ango ardi eta ardinarru-arteen izkutatzen.
Goizeen Torto’k atea ireki, eta bertan, anka biik zabalduta, zuti jarri ementzan. Ardiai beren izenez deittu eta banaka-banaka, bere anka-arteen aurrera ateraerazten asi ementzan. Antimuño’k ee, bizkarreen ardinarru bat zoola, aren anka-arteti aurrera iges egin. Igertzen dio Torto’k eta ba-dijoa atzeti lasterka. Antimuño’on latz-otsaari azti. Alperrik ordea: Antimuño osin batera jauzten da eta igarika alde. Baitta jauzten da Torto ere: baño igarikan jakiñ ez eta bertan itto.
Aita Barandiaranek jasoa
EMIGRATU ZUEN AHOTSA
URKABE
Sua itzaltzen ari dela diozunean bezala diozu
Hizkuntza hiltzear dagoela diodanean
Bildotsa hiltzear dagoela diodanean bezala diot
Alabaina, sua berez itzaltzen da
Bildotsa, berriz,
Iskariote batek saldu
Pilato batek bidegabekeriaz gurutziltzatu
Eta Longino borrero batek Hil egiten du
EMIGRATU ZUEN AHOTSA
Ihesean balebiltza bezala
enara iragankorrak
hizkuntzik gabeko Babel isil baten antzera
itsasorantz doaz hegalaldian
hodeien artean
Michel Labéguerie eta Juan de Beriain euskararen enarei
Gaur egun, gureari hizkuntz "gutxiagotua" deritza. Etxekoneko, aldameneko eta auzokoen mintzamoldeak irentsi gaitu. Bestalde, gure hizkuntza benetan demokratikoa da zeren ulertzen ez duenak dakienari galdetzen ahal baitio eta ulertzen ez duenak, fitsik ere ulertzen ez duenak, ez badu galdetu nahi eta ez bazaio axola eta berdin badio, orduan hizkuntza gutxiets dezake inork erantzungo ez diolako, inor gutxik dakien eta hiltzeko zorian dagoen hizkuntza bitxi bat bai baita. Ongi bada, laburbilduz, behin baino gehiagotan hitz batzuk kentzen eta beste batzuk gaineratzen aritzen naiz nire olerkiok distiratsuagoak egitearren. Baina batzuetan, denbora galtzen ari naizelako uste garbia daukat. Agian, gordeleku on batera ihes eginen dut. Mendiak atzean utzi eta mariñela izango naiz.
Kristalezko etxe batean bizi naiz. Oso polita da, baina hauskorra ere bai, ametsak bezala. Orduan, Pitxitxi gatuaren aterpe goxoa datorkit burura, itsasoz beste aldera dago eta bertan sagutxoak pakean bizi dira. Munduan, beste asko bezala, milaka katu ezagutu ditut. Bat-bederak bere hizkuntza du, hizkuntza berekiak, arrotzak gehienetan, zurea bezalakoak. Kordoka dauden eta kili-kolo bizi diren ahorik gabeko katuak dituzu horiek.
BALEA ETA BATELA
Zilarrezko iltzerik ez du nire paperezko ontziak
Elkarri gaizki loturiko ohol xumezko intxaur oskola bera
Zirrikituetatik ur pixka bat sartzen da
Noizbehinka gehiago
Baina ez naiz beldurtzen, eguzki maitakorra dugu
Ohiturik nago eta Itsaso Beltzetik beltzenetarako beltzean
Jendez gainezka, giza enbor metaren artean
Haize hezeak, itsas gesala bi ezpainetan, inurriturik
Branka izugarria gerta lekioke nornahiri
Niri izan ezik, ai eroa, eta igerian ere ez dakit!
Baneki ere, egiaz, zer axola?
Txoria banintz xederan eroriko bainintzen
Balea izaki eta
Urak puztuko dituen gorpu itoen sarearen marroan
Itsas ertzera hel banendi ere, atxilo hartu eta
Ziegaren argi dardartiaren hotz gelatuaren miraz
Kolpez hil ninteke oraino kostaldeko kaserna batean
PARKEKO KALEARGIKO KATUAK
Itsasaldi luzea izan da, baina dagoeneko hemen nago. Orain katu bilakatu naiz. Kamioi baten barruan bidaiatu ondoren, nire lagun Pitxitxi katuak, herrikide eta ni bezalako joale emigratua denak, lekutxo bat egin dit bere katazuloan. Ama, kolore, era eta herri askotako katu ugari bizi gara hemen, satarte berean. Egoera jostagarri litzateke, leku faltak sortzen duen deserotasunarengatik eta mehartasunari datxekion hornidura metaforikoen gabeziarengatik izango ez balitz. Ez dago deus, ez eta apaindurarik txikiena ere.
Pitxitxi antzeko katuak dira gureak, ikatza bezain beltz, baina etxerik gabekoak, miau-miau mehe-meheak eri txikien antzekoak, sardin gabeko miau-miau finenak. Beste hainbat erasoren zauriak nabaritzen dira katu zaharren azal larrutuetan. Haien aurrean erreketariak mintzatu zaizkie: "Hemen ez dago beste maurik, gurea baizik. Suaren jabeon hitza. Gurea da legezko mau bakarra".
Ez
Ez dute
Ez lili zuririk
Ez aztarnarik antzemango
Garrak harturik den zeure etzaleku bankuan
Atzo arte zure ohea zena
Atzo arte zure ahotsaren ipar orratz migratua zena
Izanen da gaur, zure gorpuarekin batera, suarentzako sua
Eta inoiz itzali gabe
Beti pizturik dagoen sasi goria bilakatua
Herriari irazekiko dio eta bazterrak erreko ditu
Herriaren beraren ahoan hitzak bizirik dirauen artean
ORREAGA BALADA / ARTURO CAMPION
I.— Gaberdia dá. Errege Carlomano Espinal-en dago bere ekerzitoarequin. Ceru illunean ez da ageri ez illargui, tá ez izarric; urrútira su-gar andiac distiatzen dute menditartean; Frantsesac cantatzen ari dira errian; Altabizcarco inguruetan senti oi dirá otsoaren izugarrizko marruac, eta Euscaldunac zorrozten dituzte bitartean beren dardo ta aizcorac Ibañetaco aitz eta arrietan.
II.— Larritazun edo antsiarequin Carlomanoc ezin du loa bereganatu; oyaren ondoan bere pagecho batec iracurtzen du amoriozco condaira bat; urrutichiago, Roldan indartsuac garbitzen du bere Durandarte ezpat famatsua, eta Turpin arzepizpicu onac errezaten dio Jaincoaren Ama santubari.
III.— Pagecho neria, —dió Erregue Carlomanoc— cer dá gabazco isilltasuna austen duen ots ori?—Jauna, —erantzuten dio pageac;— Iratico, itsasoa bañon aundiyagoco basoaren ostoac dira, aiziac muguitubac. Ah! gaste maitia, eriotzaren deadarra diruri, eta nere biotza beldur dá.
IV.— Gaba oso illuna dá.— Ez illarguic, ez izarric agueri dá cerubetan; urrutirá su-gar andiac diztiatzen dute menditartean; Frantsesac lo daude Espinalen; Altabizcarco inguruetan otsuac marruaz dira, eta Euscaldunac zorrozten dituzte beren dardo ta aizcorac Ibañetaco aitzetan.
V.— Cer dá ots ori? —galdetzen du berriro Carlomanoc, eta pageac, errendituba loaz, eranzuten ez dio. —Jauna,— dió Roldan indartsuac; mendico ujola dá, Andresaroren ardidiaren beadia. —Intziri bat diruri, —erantzuten du Errege Frantsesac. —Eguia dá, Jauna, dió Roldanec; —erri onec negar eguiten dú gugaz oroitzen danean.
VI.— Larritazunarequin Carlomanoc ezin dú loa bereganatú; lur eta ceruac arguigabe daude; otsoac ai dira marruaz Altabizcarren; Euscaldunaren aizcorac eta dardoac diztiatzen dute Ibañetaco aritztartean.
VII.— Ah! —suspiratzen du Carlomanoc. —Ezin loa nereganatu det; sucarrac erretzen nau. Cer dá ots ori? —Eta Roldanec, loari errendituba, erantzun ez cion. —Jauna, —dió Turpin onac, —errezatu zazu nerequin. Abarrots au Euscal-Errico alayua dá, eta gaür dá gure aomenaren azqueneco eguna.
VIII.— Eguzguiac arguitzen ditu mendiac. Garaitua Carlomanoc igues dijoa, "bere luma belz, ta bere capa gorriarekin." Ume ta andreac, dantzan dira pozquidaz beteric, Ibañetan. Erbesteric ez dá Euscal-errian, eta menditarren deadar ta pozezco irrintziac eltzen dirá cerubetarano.
Iruñan, 1877-garren urteko Abenduan

