2008/01/11

NEURE BURUA MARROAN IKUSI ETA

I

Neure burua marroan ikusi

Eta alde egin dut gauerdian

Lur jota zigor gupidagabeaz

Larrazkena baitut malko ekarle

Batzuentzat urkagai naizelarik

Maitagarria naiz, guztiz maitea

Erasoen ondorio latzak jaso

Eta minez geratu direnentzat

Gogoetan zoli, oharkor zorrotz

Urratsak labur, begirada luze

Errekak zer ekarriko zain nago

Korrontera begira mila galde

Baina ezorduan aldendu behar

Eta ihardesteko da berandu

II

Gauak ematen ditut ekurugaitz

Logabe, begiak itxi ezinik

Zapaltzeko teknikak ez jakinki

Eta kezkaz nago, egonezinez

Ni, aldiz, aski ezagutzen naute

Nire sorbaldak dituzte atsegin

Hortaz nago, zigarro erre gabe,

Zanpatu gorrien korridorean

Goian zeruko argiaren ordez

Odolezko planeta dugu, Marte

Bidegabekeriaren jainkoa

Baina Justiziaren alde nago

Eta esperantzazko hitzak ditut

“Hauskor dirudi” edo “Hauts dezaket”

III

Ni, ordea, entzungor eta aske

Lanean nago, lurrari ekiten

Denak oihuka ari zaizkit orain

Baina segaz naute belar-epaile

Orain hazia ereiten ari naiz

Gero, izerdiz, uzta jasotzeko

Lurra idorra delako, mokorra

Pausoka ildoa handituz noa

Haiek bezala ni ere ebasle

Ohoin lapur neurekoi izan nintzen

Orain goldelari bilakatu naiz

Badakit lau or arian-arian

Hurbil nituela usna-usnaka

Erori ziren segaren segadan

IV

Lilitegien, urmahelen lagun

Parkeko arrabitajolearen

Harrizko irudia mintzatu zait

Ezin da haizea kaiolan hertsi

Mendi aldera begira nengoen

Eta aitak “Itsasoa” ziostan

Andre-arrainak ikusi nituen

Lau txorrotako iturri ondoan

Urteak joan eta itsasneskak

Ixildu ziren mutuak bezala

Erdeinuz erabiliak, etsiak

Gu ere ziztatuak izan ginen,

Destainaren arantzez ohituak

Ez gara ez ohartzen, ez lotsatzen

Iruñea, 2003ko larrazkena

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina