Portfolioa hitza entzuten da maiz irakasle askoren ahotan, baina zenbaitetan ez dakigu zehatz-mehatz zer den haiek zeri deitzen dioten Portfolioa, zer nahi duten ikasleek egitea, eta zenbaitetan iduri luke ez dakitela benetan zer den zehatz-mehatz eskatzen ari direna. Izan ere, "Portfolio" hitzaz ulertzen duguna argi eta garbi azaldu beharra dago, ikasleek edo, oro har, Portfolio baten egileek nondik nora jo jakin dezaten.
Portfolioa, ongi egina baldin badago, autoebaluaziorako tresna didaktiko indartsua da, ikasgai batean edo ikaskuntza prozesu jakin batean izan dugun eboluzioa erakusteaz gainera, ikasketa horren inguruan gogoeta egin baitezakegu, garatu ditugun gaitasunen inguruan iritzi kritikoa emanez.
Gainera, Portfolioa denbora jakin batean landu ditugun ikasketa guztien bilduma izan daiteke: ikasgai batena, seihileko bateko ikasgai guztiena, maila jakin batekoa edo, nahi izanez gero, Gradu osokoa. Horregatik, hain garrantzitsua da Portfolioa ongi eta era ordenatuan egitea, etorkizunerako baliagarria gerta dakigun.
1. Hizkuntzen Porfolio Europarra
Hizkuntzen Portfolio Europarra da Portfoliorik ezagunena (http://redined.mecd.gob.es/xmlui/handle/11162/121472). Portfolio hori hiru ataletan banatuta dago:
1. Pasaportea (Gaitasunak)
2. Biografia (Nola bizi izan garen ikaste prozesua)
3. Txostena (edo Dosierra: ariketak eta ezagutzak)
2. Atal bakoitzean zer garatzen da?
1. Pasaportean: Kurtsoan zehar edo denbora jakin batean, irakaslearen, ikaskideen edota nire ikasketa autonomoaren bidez edota klaseko ariketen bidez lortu, garatu eta akreditatu ditudan gaitasunak.
2. Biografian: Kurtsoan zehar, irakaslearen, ikaskideen edota nire ikasketa autonomoaren bidez edota klaseko ariketen bidez lortu, garatu edota akreditatu diren gaitasunak erdiesteko bizi dudan esperientzia eta aktibatu behar izan ditudan estrategien kontakizuna eta horren gaineko gogoeta sakona.
3. Txostenean edo Dosierrean: 1. Gaitasunak lortzeko egin ditudan ariketa eta agiri guztiak era ordenatuan aurkeztuak eta sailkatuak. 2. Gaitasunak lortzeko klasean irakaslearengandik eta ikaskideengatik jasotako ezagutzak.
3. Portfolio on baten antolaketa
Azpiatalen ordena aldatu daiteke Portfolioaren egilearen nahierara. Lehenengo ataletik hasi, bigarrenetik edo hirugarrenetik Portfolioaren jabearen esku dago.
Ildo beretik, bere erantzukizuna ere bada erabakitzea nola egituratuko duen Portfolioa:
1. Edo ariketa guztiak batera Txosten bakarrean eta, era berean, gogoeta orokorra eta globala Biografiaatal bakar batean, eta lortutako gaitasun guztiak errubrika batean bilduak Pasaporteatal bakarra osatuz.
2. Edo ariketaz ariketa (Txostena) iruzkintzen joatea (Biografia), zer nolako gaitasunak erdietsi diren agerian utziz (Pasaportea).
Esate baterako:
1. Txostena: Kurtsoan zehar egindako ariketak edota ezagutzak batu behar dira atal honetan. Ariketa bat aukera dezagun; esate baterako: https://miaulario.unavarra.es/access/content/group/2019_0_301105_91_G/8.%20saioa_2019_09_30/Subj4.htm
2. Biografia: Ariketa hau egiten zer nolako bizipenak izan ditut? Ariketa honekin lortu ditudan gaitasunak eskuratzeko egin bhar izan ditudan ahaleginak eta izan dudan ibilbideaazalduko dut hemen. Ariketa nolakoa iruditu zait: erraza, zaila, konplexua, sinpleegia? Gauza izango nintzateke hau bezalako beste bat ebazteko? Ariketa hau egiteko unean gabeziaren baten bat izan nezakeela sentitu ote dut? Zeintzuk izan dira nire indarguneak eta nire ahulguneak ariketa hau egiteko unean? Ikaskideei edo irakasleari laguntza eskatu ote diet? Zenbat denbora behar izan dut egiteko? Noiz egin dut? Azken unean egiten ote ditut nik beti ariketak edo ahalik eta lasterren egitea gustuko dut?
3. Pasaportea: Zer nolako gaitasunak landu, lortu edo garatu ditut ariketa honen bitartez? Gure ikasgaiaren Ikasgelategi Birtualean argitaratu den Irakaskuntza Gidan aipatzen diren Gaitasun Orokorrak eta Gaitasun Berariazkoak kontsultatu: https://miaulario.unavarra.es/portal/site/2019_0_301105_91_G/page/f3985d8c-9c79-4183-983f-e73bc566e144
Zeintzuk dira aurten erdietsi ditudan gaitasunak? Zeintzuk falta zaizkit lantzeko? Zenbat landu ditut klasean, zenbat etxean? Nola egingo dut aurten landu ez ditudanak lortu edo garatzeko?
4. Zer da Portfolio Elektroniko bat?
Orain arte, Portfolioaz aritu gara, baina orain hori zer den dakigularik, pixka bat haratago joan gaitezke eta XXI. mendeak eskeintzen dizkigun IKT-en baliabide teknikoak baliatzen ahal ditugu.
Ohiko Portfolioa("analogikoa" dei dezakeguna) kartoizko karpeta bat da non gure lanak biltzen ditugun (3. Txostena edo Dossierra) eta gure ikasketa prozesuari buruz gogoeta pertsonalak gordetzen ditugun (2. Biografia) eta lortutako gaitasunen errubrika gordetzen dugun.
Urrats bat aurrera eman dezakegu eta gure Portfolio hori kartoizko karpetan gorde beharrean, Word batean bil dezakegu, kurtsoan zehar egindako lan guztiak eta bertan bilduz irakaslearengandik, ikaskideengandik edota gure ikasketaren autonomarengatik ikasitako ezagutza guztiak (3. Txostena), ikasitako ezagutza horren eta egindako ariketa horien inguruan egindako gogoeta (2. Biografia) eta ezagutza eta ariketa horiei esker lortutako gaitasunen errubrika (1. Pasaportea). Dena Word horretan jaso eta inprimatu daiteke etxean enkuadernatuta gordetzeko edo irakasleari emateko.
Baina, benetako jauzia e-Portfolioa da, alegia, Portfolio Elektronikoa. Kasu honetan, Word programaz gainera, Excel orriak, irudiak, PDF agiriak, Webguneak, Wikipediako sarrerak, bideo-jokuak, Youtubeko nahiz guk sortutako bideoak eta nahi beste baliabide teknologiko erabil daitezke gure Portfolio eratzeko unean.
Dinamikoa da guztiz: irakaslearekin eta beste ikaskide batzuekin parteka dezakegu, material berriak edozein unetan erants ditzakegu, eta zaharkituak gelditu zaizkigun sarrerak ezabatu ere bai.
e-Portfolioan kurtsoan zehar erabilitako idatzizko, ahozko nahiz ikusentzunezko agiri guztiak bil daitezke bertan, blog moduko batean, GoogleSites-en, Drive-an edo Webgune batean. Honela, beti eskura izanen ditugu era ordenatuan, edozein unetan, edozein mailatan erabilitako materiala eta landutako ezagutzak (3. Txostena), horien inguruan egindako gogoeta (2. Biografia) eta ariketa eta ezagutza horien lanketari esker lortutako gaitasunen errubrika (1. Pasaportea).
5. Prest al zaude zure e-Portfolioari ekiteko?
Hemen eman diren jarraibideak betetzen badituzu, Portfolio on bat egiteko moduan izanen zara. Zure lanaren inguruan gogoeta egiten baduzu eta egin duzun lanarekin saiatzen bazara ulertzen zeintzuk izan diren lortu dituzun gaitasunak, ezin izango duzu Portfolio on bat baizik egin. Ez izan zalantzarik. Trebatzen zaren heinean, gero eta errazagoa suertatuko zaizu eratzea, antolatzea eta gogoeta egitea. Eta honela jokatuz gero, Portfolio on bat egitearen onurak jasoko dituzu. Portfolio hori Interneten jarriz gero, edozein lekutan, edozein unetan eskura izango duzu, eta nahi duzularik zure irakaslearekin, oraingo ikaskideekin eta etorkizuneko ikasleekin ere partekatu ahalko duzu. Portfolio on bat egin, ez zara damutuko.
Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Komunikazio Trebetasunak eta IKT
ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT - CC by-nc-sa 4.0 - Juan Karlos LOPEZ-MUGARTZA

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina